BADAGO KANTERA!

ivet Astiazaran
IVET ASTIAZARANAZPEITIA Zezen-Zaleak taldeko zuzendaria

Poliki-poliki, aste osoko saioak eta gero, uste baino azkarrago igaro da guztia. Nerbioak, estreinako ateraldiak, prestaketak... atzera geratu dira. Orain konturatzen naiz zein barneratuta daukagun azpeitiarrok danbor festa hau. Txiki-txikitatik.

Gogoratzen naiz txikia nintzenean nola irten ohi nuen kalera danborrada ikustera. Aita ateratzen zen eta hari begira «Egunen batean neuk ere irtengo dut ba!», nola pentsatzen nuen. Ordutik, barruraino sartu zitzaidan danborradan ateratzeko grina eta ilusioa.

Banekien zer zen danborra jotzea, lagun artean, desfilean, ikastolan umetatik 'obligazioa' da hori Azpeitian. Eta gutxi izango dira gainera, ezetz esaten dutenak edo uko egiten dietenak egun horretan danborra eskuetan ikastolako danborradan parte hartzeari. Alderantziz, banderadun edo kantinera izateko irrikaz edo urteen eta gelen arabera zer nolako jantzia eramango duzunaren kezka areagotu egin ohi zen urteen poderioz. Ondo pasatzen genuen eta konturatu gabe, San Sebastian Martxa edo Soreasuko Sebastian zeharo barneratuta genituen.

Kalera ateratzeko adina iritsi zitzaigunean ordea, aldaketa edo saltoa izan zen. Beste gauza bat zen Haurren Danborradan, herriko kaleetan zehar, jende pilo haren aurrean ateratzea. Beste seriotasun batekin hartzen genuen asuntoa. Ilusio berezi batekin hartzen genuen eta karroza erraldoi harekin batera kalera ateratzeak, halako tripako hazkurea ere ematen zuen. Urteak aurrera joan ahala, anaia hasi zen danborradan parte hartzen, aita eta osabarekin, eta neu ere animatu nintzen gero. Seigarren urtez atera naiz aurten, eta oraingoan gainera Zezen-zaleak taldeko zuzendari lanak egiteko zortea eta aukera izan dut. Trajea, entsaioak, afaria, irteerako nerbioak... denak dira festaren parte eta nola ez, ondo pasa-tzea da garrantzitsuena. Baina piskanaka, era naturalean datorren zerbait da. Herrian txikitatik arnastu eta naturalki, niri bezala beste askori, etortzen zaiguna. Adibideztat, atzoko ehunka haur, datozen urteetako danborrero izango direnak. Badago kantera Azpeitian!