
Ver fotos
Secciones
Servicios
Destacamos
Ver fotos
ELI AIZPURU
Viernes, 20 de enero 2023
Ez sinestekoa! Bezperako euri-jasaren ostean, azpeitiarrek egun eguzkitsuarekin ospatu ahal izan zuten ostiral honetan San Sebastian eta horren inguruko programazio mardula. Astean zehar ibilitako kezkak eta bilerak atzera utzi eta danborradarekin aurrera egiteko erabakia ongi baino hobeto hartutakoa zela baieztatu zen. Hotz, hori bai. Tenperatura baxuek goizean goiz kalera atera ziren udal musika bandako kideei eta musika eskolako txilibiterioei eta nola ez, Gure Ametsa eta Ardozaleak taldeko danbor jotzaileei eragin zien gehien. Baziren tartean gaueko euritearen ondorioz, artean ere jantziak lehortu gabe atera behar izan zirenak ere!
Hala ere, urdin uneak nabariak ziren zeruan goiz goizerako. Beraz, danbor hotsak are eta alaiagoak ziruditen. Gure Ametsa eta Ardozaleak elkarteetako kideek zabaldu zuten eguna. Goizeko 10etarako zain zeuden udal korporazioko kideak udaletxe azpian. Parrokiaranzko bidea egin ostean, Sebastian Deunari eskainitako prozesioa abiatu zen. Kalejiraren atzetik, eguneko unerik hunkigarriena bizitzeko aukera izan zuten Meza Nagusira hurbildu zirenek. San Sebastian Martxa ozenagoa baita Parrokiako pareten barruan. Behin meza amaituta eta sokamuturraren igaro eta gero Danborrada Txikiaren zain zeuden ehunka herritar.
12:30ean abiatu zen haurren danborrada. Danbor, barrika eta atabal txikiak prest zeuden ehunka lagunen begiradapean igarotzeko.
Udaletxe aurretik begiratuta, jende ugari zegoen desfile txikia igarotzen ikusteko zain. Gastadoreak agertu ziren aurrena. Azpeitiko Ikastola Ikasberriko sukaldariak hurrena. Haien atzetik gerturatu ziren Karmelo Etxegarai Ikastolako Napoleon gorriak eta baita Iraurgi Ikastetxeko Zumalakarregi taldea ere.
Bizi- bizi eta martxa onean gerturatu zen Azpeitiko Ikastolako Gipuzkoako tertzioen taldea, Enparan jenerala buru zela. Iraurgi ikastetxeko mikeleteekin, berehala desfilearen erdia igarota zegoen.
Napolei urdinen txanda izan zen gero. Dotore agertu ziren karmelo Etxegarai Ikastolako neska mutilak. Eta urdinez, baino ilunago, Juan de Antxieta musika eskolako ikasleen txanda izan zen. Beste hiru konpainia geratzen ziren: Karmelo Etxegaraiko Gipuzkoako tertzioak, Itsasikoak eta Iraurgiko ezpatadunak.
Metro gutxitara inudez jantzita beste zenbait haurtxo, gurasoekin eta nola ez, egun honetan bistaratzen den sekreturik gordeena: karroza.
Euskal Antzerki Topaketek herrian duten garrantzia azaleratu zuen Aitor Exposito azpeitiarrak hau egiterakoan. Bertan, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko haurrek izan zuten aurten karrozan ateratzeko ohorea (urtero txandadakatuz joan ohi dira).
Behin goiko-kaletik behera igarota Alde Zaharra zeharkatu zuten hamar taldeek. Plazara heltzean, sei pieza eskaini zituzten danbor jotzaileek.
Hirugarren pieza eta gero, eguneko omenaldiari egin zitzaion tartea. Izan ere, udaletxean zeuden ordurako Musika Eskolako hainbat kide. Berrogei urte bete dira Juan de Antxieta musika eskola sortu zenetik eta zein egun hobeagoa omenaldia eta eskertza jasotzeko San Sebastian eguna baino. Nagore Alkorta alkatearen eskutik jaso zuten oroigarria Musika Eskolako kideek eta alkateak esan bezala. «Danborrada ez litzateke ezer musikarik gabe eta Azpeitia ere ez da ezer musikarik gabe». Hortik herriaren esker ona hainbat eta hainbat urtean bertako txokoak eta egunak doinuz jantzi dituztenentzat eta janzten jarraitzen dutenentzat.
Haurren danborradarekin batera sokamuturrak ere izan zuen eguneko protagonismoa. Bai eguerdian eta baita arratsaldean ere jende ugari bildu zuen zezenak. Zezenbeltz elkarteak antolautako urteko lehen sokamuturra, espero bezala, jendetsua izan zen.
Gauean bueltatu zen berriro danbor hotsa. 23:15ean bandera jaitsi arteko danborradaz gozatzeko aukera izan zen kaleetan zehar. Bustinzuriko errebaletik abiatuta, Olazko Andre Mariaren plaza, Goikokale, Donejakue, Elizkalea, Enparan eta Erdikalea zeharkatu zituzten plazara sartu baino lehen Oñatzbideko gastadoreak, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza, Presoen Lagunak, Iraurgi Saskibaloi taldeak eta Basazabal elkarteek.
Amaitu da danbor hotsa. Hurrengo festei begira daude jada azpeitiarrak. Berehala dira Karnabalak eta orduan ere irten dadila eguzkia!
Publicidad
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.