Sarriegiren adiskideak

Donostiako Udalaren txistulariak XX. mendearen hasieran. Ezkerretik hasita lehenengoa Eusebio Basurko da, eta hirugarrena Martxelino, haren anaia. Julian Unanue eta Kuis Castañeda atabalaria ere ageri dira argazkian./
Donostiako Udalaren txistulariak XX. mendearen hasieran. Ezkerretik hasita lehenengoa Eusebio Basurko da, eta hirugarrena Martxelino, haren anaia. Julian Unanue eta Kuis Castañeda atabalaria ere ageri dira argazkian.

Artista ugari zebiltzan XIX mendearen amaiera eta XX hasierako urteetan Donostian, denal oso euskaltzaleak eta elkarren adiskide

JOSE IGNAZIO ANSORENA

Urtero San Sebastian jaia hurreratzen denean Raimundo Sarriegiren espiritua agertzen zait. Kezkatuta ibiltzen baita gizona ikusirik intentzio onez sortu zituen doinu eta kantak nola eta zertarako erabiltzen ditugun. Kontsolatzen saiatzen naiz, baina ez da lantegi erraza, belarri ona duelako eta ez delako inozoa.

Sarriegik adiskide ugari eta onak izan zituen bizi zen bitartean. Agian gertukoena Eusebio Basurko, oriotar donostiartua, garaiko Udalaren txistulari taldeko zuzendaria. Hain lotura zuten bi adiskideek non Basurkok bere seme bati Raimundo izena jarri zion eta aitaponteko aukeratu gure Sarriegi. Honek, esker onez, txistulari talderako obra ederrak eskaini zizkien aita-semei.

Eusebio eta Martxelino anaiak musikari bikainak ziren eta biek ala biek hainbat tresna menderatzen zituzten: pianoa, flageoleta… Martxelino, zeharkako flauta jotzaile, Europan famatu zen. Parisko Kontserbatorioan ikasia, Claude-Paul Taffanel ospetsuarekin, honen ikasle kuttunena izan zen eta askorentzat garaiko flauta jotzailerik onena. Europa osoa korritu zuen emanaldiak eskaintzen eta Parisko Operako Orkestran, zein Madrilgo Teatro Realean ere lehenengo flauta bakarreko izan zen. Ondoko argazkian ditugu bi anaiak lehenengo txistua eta txistu handia jotzen, ezkerretik hasita lehenengoa Eusebio eta hirugarrena Martxelino. Bigarren txistulari potolikoa Julian Unanue, hau ere musikari ona eta gure birramona Generosaren lehengusu txikia. Atabalari agertzen da Luis Castañeda, Xagar arbola dinastiakoa eta Ainhoa Zubillaga mezzosoprano finaren birraitona. Laurak Sarriegiren adiskide onak.

Sarriegirekin batera artista ugari zebiltzan XIX mendearen amaiera eta XXaren hasierako urteetan Donostian: Antonio Arzak, Ramon Artola, Pepe Artola, Rosario Artola, Jose Zapirain 'Txapillo', Fermin Imaz, Jose Antonio Santesteban, Serafin Baroja, Norberto Luzuriaga Luxu, Marzelino Soroa, Toribio Alzaga, Eugenio Gabilondo… Idazleak, musikariak, kantariak, bertsolariak, margolari eta marrazkigileak, kazetariak, antzezleak… Batzuk denetarik egiten zuten. Iritzi eta aukera politiko-erlijioso desberdinetakoak. Denak, ordea, oso euskaltzaleak eta elkarren adiskide. Donostian horren biztanle gutxi izan arren, gelditu gabe aritzen ziren eta maila oneko emaitza artistikoak eskaintzen zituzten euskaraz eta gaztelaniaz. Abertzaletasun sortu berriak ekarri zuen hizkuntza garbizelakeriak apur bat baztertu zuen hauen jokabide literarioa eta itzalean geratu dira gure historia koskorrean.

2019 honetan ehun urte beteko dira, irailaren 19an, adiskide horietako bat, Victoriano Iraola hil zela. Jaiotzez San Juaneko pasaitarra baina umetatik donostiartua, merezi du efemeridea baliatzea idazle umoretsu, marrazkigile trebe, eta jenio biziko artista honen obraren ezagutza zabaltzeko, nahikoa ahaztuta baitago. Denetarik egin zuen eta maila hoberenaz: bertsoak, poemak, antzerkiak, bakarrizketak, zarzueletarako libretoak, marrazkiak… Horrela On Raimundo poztu egingo da eta agian sortu zituen doinu eta abestien aitzakian antolatzen ditugun gehiegikeria eta harropuzkeriak barkatu egingo dizkigu. Saiatu gaitezen gu ere Sarriegiren adiskide izaten.