Eta guk zergatik ez

Mila Landa
MILA LANDA

Eta guk zergatik ez?» galdera horrek zentzu berri bat lortu zuen Azpeitiko danborradan 1981 hartan. Ordura arte danborradatik kanpo geratzen zen herriaren erdia, partaide denak gizonezkoak ziren. Baldin eta kantinera bezala parte hartzen ez bazenuen , ez zegoen zer eginik.

Berdintasunean parte hartu nahi zuten emakumeetako batzuk elkartu eta hala esan zioten, ozen eta ausart, aurrena beren buruari eta ondoren herriari: Jai egiteko eskubidea denona bada, parte hartzearena ere hala izango da, ezta?

Esan eta izan.

Udaletxean danborradako konpainiek egiten zuten batzarrera azaldu eta beren erabakiaren berri eman zuten. Ez zen iskanbila handirik sortu eta hori izan zen hasiera. Honela, parekidetasunak urrats garrantzitsua eman zuen Azpeitian. Emakumeak hasi ziren danborra jotzen eta nola edo hala, kantinera edo banderadun izateaz aparte, atabalak hartu eta herriko festa garrantzitsuenetako batean parte aktiboa izan ziren estreinakoz.

Bi talde izan ziren hasiera hartan, Amnistia taldea eta Arrantzaleak. Han nengoen ni ere eta behin aurreneko pausoa emanda, urte gutxiren buruan, konpainia gehienetan normalizatu zen emakumearen presentzia. Gaur egun, ez zaigu arraroa egiten emakumeak danborra eskuetan herriko kaleetan desfilean ikustea, baina sinestezina zen hori duela 60 urte. Alderantziz, arraroa egiten zaigu talderen batean gizonezkoak bakarrik ikustea.

Hala ere, bidea ez da hemen bukatzen. Danborrada ez da oraindik guztiz parekidea. Emakumearen presentzia ez dago oraindik guztiz normalizatuta. Oraindik ere asko dago egiteko.

1981 hartan urrats garrantzitsua eman zen. Zer nolakoa litzateke gaur egungo danborrada halakorik gertatu ezean? Orduan, urte haietan, egoerari aurre egin zioten batzuek egon ziren bezala, beste asko behar dira gaur egun denonak diren eskubide horiek batzuen pribilegio besterik izan ez daitezen.

Ondo pasa sansebastianak!